jueves, 3 de mayo de 2012

Desberdintasunak onartu berdintasuna lortzeko


Gure gizartea berdintasunaren garaian dagoela esan dezakegu. Orain arte emakumeok pairatu ditugu sexu-diskriminazioaren ondorioak arlo askotan, eta nire ikuspuntuz oraindik bide luzea geratzen zaigu berdintasuna lortzeko. Hala ere, zorionez, pixkanaka gauzak aldatzen ari dira zentzu horretan.

Emakumeak gizonekin parekatu nahian gabiltza eskubide berdinak izateko eta hori ulergarria da. Baina nire ustez, naiz eta kontraesana dirudien, hori lortzeko aurreneko pauso bat izango litzateke berdinak ez garela onartzea. Bat baino gehiago nirekin haserretu baino lehen saiatuko naiz hau ondo azaltzen. Eskubide berdinak izan behar ditugu gizaki bezala, bai soldata bat jasotzeko lan berdina eginda, bai gizartearen ekintz guztietan parte hartzeko, errespetu berdina jasotzeko, etab. Baina arlo askotan, ez dut esaten onerako edo txarrerako denik, ezberdinak garela onartu behar dugu, hori bistan baitago, eta onartu dezakegu inor gutxietsi gabe. Askori kopeta ilunduko zaie nire hitzak irakurtzean, baina nire asmoa ez da inor izorratzea, pentsatzen dudana da gure desberdintasunak naturalki eta begirunez hartzeak eta onartzeak, bi sexuak gerturatuko lituzkeela, azken finean biologia kontua da, errealitatea.

Honen adibide gatazkatsu bat egon liteke kirolaren arloan. Lehen aipatu ditudan ezberdintasunak direla eta, onartu behar dugu gizonek fisikoki dagokionez, gaitasun aproposagoak dituztela zenbait kirol praktikatzeko. Ezaugarri fisiko hauek dituztenez kirol batzuetan ikuskizun handiagoa eskeintzen dute. Ez dut esan nahi neskek edo emakumeok ezin dugula kirol berdinak praktikatu eta ondo jokatu ere, baizik eta gizonek zenbait kiroletan iaioagoak direla trebetasun aproposagoak dituztelako emakumeek baino. Beraz gizonezko jokoa kanpotik ikusita, arlo profesionalan, ikusgarriagoa eta erakargarriagoa izango da eta hori da dirua mugituko duena, azken finean partida bat ikusten dugunean, bai telebistan bai zuzenean, nahi duguna da jokua polita izatea, eta horrek gizonezkoek emango digute. Kirol profesionalean gizonek arrakasta handiagoa baldin badute gizartean, eta ondorioz dirutza mugitzen badute, ulergarria da nire ustez, arlo horretan diru gehiago irabaztea, eta horregatik emakumeok ez dugu esan behar diskriminatzen gaituztela. Nik ulertzen dut sexu-diskriminazioa egongo litzatekeela jokatzeko aukera emango ez baligute. Hala ere esan behar dut ez nagoela batere adoz futbolari profesionalei ordaintzen zaien diru kantitatearekin, baina hori beste kontu bat da.

Beraz, haurren heziketan garrantzitsua iruditzen zait arestian esandakoa lantzea, hau da, beldurrik gabe sexuen arteko ezberdintasunez hitz egitea eta gizakien berdintasunaren alde hezitzea. Horretarako guztiek aukera berdinak izan beharko lituzkete, baita gustatzen zaien kirola praktikatzeko ere.




No hay comentarios:

Publicar un comentario