martes, 17 de abril de 2012

Merkataritza gune handiak: gaurko gizarteko tenpluak?


Gaur egungo elizak ez du aurreko garaietan zuen funtzio soziala betetzen. Erlijioa praktikatzeko gunea izateaz gain, jendeen arteko harremanak estutzeko gunea ere bazen. Baina argi dago indarra galdu duela, eta jadanik, familia gutxi joaten da asteburuetan mezatara, merkataritza gune handiak ordea, asteburuetan jendez gainezka daude; kontsumismoa egungo gizarte modernoaren erlijio berria bihurtu al da?

Larunbat arratsaldean saltoki erraldoi batera hurbiltzen bagara ikus dezakegu zenbat familia aukeratzen dituzten gune hauek asteburuko aisialdia bertan igarotzeko. Familia osoak ikusten dira eta nahiz eta musika jartzen dute, bakarrik umeen garrasiak eta negarrak entzuten ditugu. Nik esango nuke, merkataritza guneak larunbatetan haurtzandegi bihurtzen direla, batez ere eguraldi txarra egiten duenean.

Zergatik izango da hainbeste jende aukera hori hartzen duela? Egia esanda dituen abantailak ugariak dira, han dagoen zerbitzu eskaintza oso zabala baita. Hasteko aparkaleku doain eskaintzen digu, eta hori oso erosoa da, batez ere erosketak egin nahi baditugu. Bestetik mota guztietako dendak aurki ditzakegu (arropa dendak, teknologia dendak, altzari dendak, janari dendak, etab), eta gainera ordutegia hiriko dendatakoa baino zabalagoa izaten da. Zinemara joateko aukera ematen digu ere, eta filma ikusi ondoren tabernak eta jatetxe franko dago han bertan afaltzera geratzeko. Haurrentzako jarduerak antolatzen dituzte (ipuin-kontaketak, antzerkiak, txiki-park antzeko eraikinak, etab), beraz eskaintzak, familiako kide guztien interesetara egokitzen dira.

Baina dituen abantailak asko badira ere, alde txarrak nire ustez aipagarriak dira oso, eta kontutan hartzekoak. Nik ondo ikusten dut noizean behin gurasoek horrelako plana egitea bere semeekin, baina triste iruditzen zait beste aukerarik ez aurkitzea haurrekin aisialdia partekatzeko. Asteburuetan merkataritza gune handietara joateko ohitura hartzeak, zer mezu bidaltzen die haurrei? Dirua xahutu behar dugu zoriontsu izateko? Ez dago akaso dirua gastatu gabe zer eginik? Bestaldetik zerbitzu ugari aurkitzen ditugu, bai, baina non geratzen da dendarien profesionaltasuna? Zenbatetan gertatu zaigu zalantzaren bat argitu nahi izan dugula baina dendaria desagertua egotea? Eta aurkitzen badugu, berdin zaigu, zalantza argitu gabe utziko gaitu gehienetan, "galdetu beste bati, hori ez baita nire atala" esanez. Azkenean, zarata ikaragarria dela, jendez beteta dagoela eta gunea itxia dela, etxera zorabiatuta iristen naiz.

Baina gustukoa izan ala ez, gure gizartearen errealitatea da hau, eta saltoki erraldoiak denda txikiak jaten ari dira; ez da hau akaso gure gizartearen isla hutsa? Azken finean denok indartsuen menpe gaude.


No hay comentarios:

Publicar un comentario